1925-1982
Kutxak 1925ean Sukarrietako udalekua sortu zuen, eta Ricardo Bastida arkitekto eta hirigileari eman zion eraikin eta pabilioi guztien diseinua egiteko agindua.Bizkaiko umeen osasuna indartzea zen udalekuaren hasierako helburua. Horretarako, mota guztietako tratamendu terapeutikoak egiten ziren, hasi sinpleenetatik (airea, eguzkia, ariketa fisikoak, higienea eta elikadura) eta konplexu eta esku-hartzaileenetara. Osasun arazoengatik bertan egon behar zuten pertsonen egonaldiak urtebetekoak izan zitezkeen, organismoa behar bezala sendotu eta euren familietara osasuntsu itzuli ahal izateko.

Sukarrietako udalekua martxan jarri zenean bertan zeuden instalazioak Suitza edo Belgikako antzeko instituzioek zituztenen parekoak ziren. Eta instalazioez gain, udalekuan egiten ziren zainketa-lanak ere punta-puntakoak ziren, ia ezezagunak ingurune honetan
Eguzki-bainuek berebiziko garrantzia zeukaten haurren osasuna birsortu eta sendotzeko estrategietan. Egunero eguzki-bainuak hartzen zituzten hondartzan, edo paseoan irteten ziren eguraldi txarra zegoenean.
Mila bederatziehun eta hogei, hogeita hamar, berrogei, berrogeita hamar eta hirurogeiko urteetan, koloniako haurrek ordura arte sekula jan ez zituzten jakiak jaten zituzten egunero: txahal-xerrak, arroza txirlekin, arraina, haragi-bolak... eta asteko zazpi egunetarako lehenengo menuan (1925) agertzen diren beste hainbat gutizia. Egunean lau aldiz jatea eta menuan jaki horiek egotea luxua zen garai hartako haur gehienentzat.
Gaur eguneko haur askorentzat logela partekatzea esperientzia berri eta dibertigarria izaten da. Baina garai batean, logelen tamaina handiarekin eta bertan zegoen argitasunarekin zeharo txunditzeaz gain, harri eta zur geratzen ziren aurretik bizi gabeko esperientzia biziko zutelako lehen aldiz: haur bakoitzak bere ohea izatea.
Udalekuaren eta bere gizarte-ekintzako beste instituzioen bidez gure kutxak haurrei eskaintzen zien arreta, garai hartan Europa eta Amerikako herrialde aurreratuenetan hastapenetan ziren haurren babeserako estrategiekin alderatu zitekeen. Proiektu aitzindaria izan zen, eta hala instalazioen kalitateak nola martxan jarri zituen higienearen arloko tratamenduek lilura handia eragin zuten. Lortzen ziren emaitzak benetan pozgarriak ziren, eta garai hartako abangoardia pedagogiko, mediku eta kulturala Sukarrietako koloniara etortzen zen, Europako esperientzia aurreratuenen pare zegoen instituzioaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko.
Gaur egun ezagutzen dugun ongizatearen gizartea ezarri aurretik, gure kutxak haurrentzako kolonia hau aurrera ateratzeko ahalegin handia egin zuen, helburu argi batekin: Bizkaiko haurren osasuna indartzeko laguntza ematea.
1982- gaur egun
Azken hamarkadetan ongizate kolektiboan emandako aurrera pauso garrantzitsuen ondorioz Bizkaiko haurren zainketa fisikoaren behar soziala desagertu ondoren, udalekua eraldatu da eta haurren hezkuntza da orain helburu berria.Ikasturtean zehar, Sukarrietako koloniak Bizkaiko hezkuntza sistemari lagungarri zaizkion eginkizunak betetzen ditu “Ingurumen-hezkuntzarako zentro” moduan. “Asteburuak Sukarrietan”, " Zinema Astea bbk-rekin" eta “Udalekuak" ere eskaintzen dira, eta huetan ingurumenak eta jolasek hartzen dute garrantzia osoa.
Kolonia martxan jarri zenetik, milaka eta milaka izan dira Sukarrietan egon diren haurrak. 1982tik egonaldiak laburragoak dira eta ondorioz, haur gehiagok daukate aukera bertan garatzen diren programez gozatzeko. Hain zuzen ere, gaur egun urtean batez beste 9.600 haurrek parte hartzen dute kolonian egiten diren programetan. Koloniako instalazioak beteta daude hala aste barruan nola asteburuetan, berdin neguan zein udan.







